MARTXOAREN 8ko ADIERAZPENA
EHBilduren
martxoaren 8ko adierazpena
EUSKAL
HERRI FEMINISTA ERAIKITZEKO KONPROMISOA
Martxoaren
8a hurbiltzen ari zaigu urtero bezala, Emakumeon Eguna. Urteetako
borrokak gogoratzeko eta ospatzeko aukera ematen digu baina, batez
ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta
balantzea egiteko aukera ona izaten da.
Krisiaren
itzalpean harro dabilzkigu kapitala eta patriarkatua, lotsarik gabe,
mozorroa kenduta. Eta emakumeok orain arte lortutako askatasun eta
eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Inboluzio une batean
gaude. Historia lineala ez denez, ez goaz beti aurrera; baina
historia idatzita ez dagoenez, ezer ez da ezinbestekoa, aldaezina.
Inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista
indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.
Emakumeon
egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko
genuke: lan-merkatuan gero eta biluziago, zaintzaren motxilan gero
eta harri gehiago, umetokian bandera espainola ezarrita (Estatuaren
lurralde bihurtuta) eta gorputza indarkeria sexistak moretuta. Hori
guztia, emakumeon eta familia-eredu heterosexualaren hautua egiten ez
dutenen kontrako eraso ideologikoarekin lagunduta: gaiztoak, gaixoak,
sorginak eta eroak omen.
Lan-merkatuan
gero eta biluziago gaude emakumeok. Botere ekonomikoaren mesedetan
arautzen ari da lan-mundua, lanerako gorputza, burua eta eskuak
besterik ez ditugunok babesik gabe utziz. Haurdun dauden emakumeak
kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira
orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki,
eta sektore feminizatuetan behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta
prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo
uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen bizkar
erortzen jarraitzen dute. Ez hori bakarrik; erakunde publikoak,
pertsonen zaintza luxua dela baloratuta, horretarako dauden
zerbitzuak eta laguntzak murrizten ari dira eta, ordainetan,
emakumeon zaintzaren motxila kargatzen. Biluzik eta gero eta motxila
handiagoarekin gabiltza.
Biluzik
gabiltzan arren, gure gorputza ere ez digute guretzat utzi nahi. Gure
gorputza gurea dela ukatu nahi digute. Gure umetokia Estatu-arazoa
dela diote baina gaude beraientzat arazoa, azken finean, emakumeak
garela. Abortatzeko eskubidea ukatzeko Espainiako Gobernuak aurkeztu
duen kontrarreformarekin, duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz
etorri zaizkigu umetokietatik eztarrietara. Posible da lan-merkatuak
ume gehiago nahi izatea langabezia-poltsak handitzeko, langabeziaren
mehatxupean langileak otzantzeko, beldurra areagotzeko. Baina, batez
ere, motibazio ideologiko ultrari erantzuten dio; emakumeok
ama-emazte izan behar dugun ideologiari, hain zuzen.
Abortuaren
kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren
kontrako eraso gehiago datoz, emakumea emazte-ama fin, otzan eta
menpeko bihurtzeko. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu
tradizionala edo heteropatriarkala indartzeko neurriak dira. Ugalketa
lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun
geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza
eta desioak ezagutu eta garatzeko hezkuntza afektibo-sexuala murriztu
edo LOMCErekin guztiz ezabatu, elizgizon esanguratsuen ahotik sexu
bereko pertsonen arteko harremanak gaixotasun gisa aurkeztu nahi
dizkigute, eta indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia
kenduz, datuak makilatuz (indarkeria sexista gisa kontabilizatuko
direlako soilik eraildako emakumeak eta 24 ordutik gora
ospitaleratutakoak) eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek
eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.
Emakume
eta gizon askeak, buru- eta gorputz-jabeak izateko heziketa zeinen
garrantzitsua ondo dakitenez, LOMCErekin hezkidetzaren bidean
egindako lana ezabatu nahi du Espainiako Gobernuak. Berdintasunaren
eta hezkidetzaren alde egindako lana alde batera utzi eta erlijio
katolikoa jarri nahi du erdigunean. Elizak eta Estatuak eskua emanda
sartu nahi dute eskoletan, haurren gogoak kolonizatzeko.
Hedabideetan
ere atzerakada garrantzitsua atzematen dugu eta bereziki larria
iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena.
Aktualitateko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon
presentzia anekdotikoa da. Ez dugu ahotsik. Ikusezinak gara. Horretaz
gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta
balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte. Gaur egun, esan
dezakegu, hedabideak estereotipoen habia direla.
Egoeraren
irakurketak alarma guztiak piztera garamatza. Feministok urteetan
aldarrikatutako eta borrokatutako helmuga gero eta urrunago dago eta
inboluzio lazgarria sufritzen ari gara. Emakumeok subjektu politiko
gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago
gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia
ere bada.
Ez orain arte helburuok lortu genituelako baina bai atzerapauso
nabarmenak ematen ari garelako. Ez halabeharrez, ordea; botere
politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituztelako
baizik. Emakumeok berriro ere sistema heretropatriarkalaren kaiolara
lotu nahi gaituzte.
Egoeraren
irakurketa gordinak etsipenean erortzeko baino, egoeraz jabetu eta
erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Betaurreko eta lupa
moreak jantzi, elkarri eskua eman eta atzerapausoak identifikatu eta
hauei aurre egiteko prestatu behar dugu. Eta gure bidea egin, guk
nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Jostun onen
moduan, jos ditzagun emakumeon arteko sare sendoak. Eta zabal dezagun
gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozio-ekonomikoan,
kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun
aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, Euskal Herri
euskalduna eta feminista ezkerretik eraikitzeko.
Gaur,
2014ko martxoaren 8an, EHBilduk Euskal Herri feministaren helburua
bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazten du.
Gure zeregina da mugimendu feministarekin batera orain arteko
borroken lekukoa hartu eta borroka horiei eustea, gure zeregina da
erdi lo genituen borrokak berpiztea, lortutzat genituen eskubideak
uste baino errazago gal ditzakegulako, eta gure zeregina da mugimendu
feministak irekitzen duen bidea jarraitzea, pausoz pauso, orpoz orpo.
Emakume
eta gizon askeen Euskal Herria helburu, bide horretan lan egingo dugu
erakunde publikoetan, elkarteetan, komunikabideetan eta kalean.
Jakitun gara jendartea eraldatzeak gure buruak ere eraldatzea esan
nahi duela eta, jakitun gara, barne-mailan gauza asko ditugula
oraindik lantzeko. Ez gara jendartetik isolatutako erakunde bat eta
guk ere ikasi eta landu beharreko alderdi asko ditugu oraindik. Bada,
kanpora begira egingo dugun lanaz gain, etxe barruan ere eraldaketa
feministaren bidean lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.