Nafarroako Parlamentuak PA-30 errepidean pasabide bat eraikitzeko akordio bat susta dezaten premiatzen ditu Gobernua, Orkoien eta Iruñeko Udalak





Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta Iruñeko eta Orkoiengo Udalak premiatzen baitira “akordio bat susta dezaten, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritzak taxututako pasabide-proiektua eraikitzen hasteko”.

Bigarren atalean ebazpenak zehazten du “akordio hori gauzatze aldera, hiru aldeen arteko hitzarmen bat eginen dela, bakoitzak proiektuan izan beharreko parte-hartze ekonomikoa zehaztuko duena. Ahal baldin bada, proiektu hori administrazio bakar batek gauzatuko du. Egin beharreko desjabetzeak ere, baldin eta desjabetzerik egin behar bada, administrazio horrek berak eginen ditu”.

Era berean, hirugarren atalean ezartzen da “pasabide hori heldu den urtean, 2019an zehar, egin beharko dela”.

Zioen azalpenean, UPN talde parlamentarioak sustatutako aurkezpenak, Geroa Baik aurkeztutako zuzenketarekin, hiru erakundeei deia luzatzen die, hau da, Nafarroako Gobernuari eta Iruñako eta Orkoiengo Udalei, pasabidearen proiektu teknikoaren inguruan akordio batera irits daitezen, Nafarroako Gobernuko Herri Lanen Zuzendaritzak taxutu duen proiektu teknikoari buruz alegia, 565.100 euroko kostua duena.

Adierazten da Orkoien 3.910 biztanleko herri bat dela (2017), Iruñarekin muga egiten duena eta hiri horretatik PA-30 errepideak bereizten duena. Eguneroko batez besteko intentsitatea 19.143 ibilgailukoa da, zeinetatik % 5,67 ibilgailu astunak baitira (1.085). “Horrek esan nahi du herria zeharkatzea oso arriskutsua dela oinezkoentzat eta bizikletentzat”.

Sustatzaileak oroitarazten du “Orkoien aspaldi eskatzen ari dela oinezkoentzako eta bizikletentzako pasabide bat eraiki dadin, Iruñarekin segurtasunez lotu ahal izateko. Errepide-tarte horren iparraldean dagoen Iruñeko hiltegi zaharra –ARS-3ko I/S.O.-1 unitatea– 13.300 metro koadroko parke bihurtzeko eraisten denean, enpresa-parke baten ondoan, oinezkoentzako sarbideak eginen dira Iruñetik, espaloia eta bidegorria. PA-30ean pasabide bat eraikitzen baldin bada eta alderdi berri horrekin lotzen baldin bada, hiltegi zaharraren eremu horren urbanizazioak ahalbidetuko du Orkoien pasabide horren bidez lotzea Iruñeraino”.
 

Entradas populares de este blog

BIBLIOTECA EN ORKOIEN

JAIBUSA - VOY Y VENGO 2016