Nafarroan memoria historikoaren kontrako ekintzak burutu zituztenen aurkako espetxe zigorrak berretsi dituzte
Nafarroak Auzitegiak dio zantzu guztiek garbi uzten dutela hiru gizon horiek izan zirela erasoak burutu zituztenak.
berria.eus * E.H
Javier López Monreal |
Nafarroak Auzitegi Gorenak berretsi egin du hainbat herritan Falange inguruko hiru gizonek memoria historikoaren kontra aritzeagatik jaso zituzten zigorrak. Jose Ignacio Irustari bi urteko zigorra berretsi dio, eta orkoiendarra Javier López Monreal eta Borja Pérez Illerari urte eta erdikoa.
Auzitegiak dio Guardia Zibilak egin zien jarraipenean garbi geratzen dela erasoak burutzeko geratu zirela eta elkarrekin izan zirela erasoak izan ziren herrietara joateko. Horietako batean, gainera, pintura poteak aurkitu zituzten eta herri horietara joateko ibilbideen mapak. "Ezin argiagoa da ondorioa", ebatzi du. Guzti horri, gainera, gehitu dio Falange ingurukoak direla. Zantzu guztiek bat egiten dutela ebatzi du, auziupetuek lehen epaiaren kontra aurkezu zuten helegitea atzera botaz.
Aurreko epaiak frogatutzata jo zuen ados jarri zirela hiru horiek memoria historikoa bultzatzen zutenengan ezinegona eragiteko. Asmo horrekin 2009ko abuztuaren 19an Bidankozen frankismoko esklabuak omentzeko zegoen plaka kendu zuten.
Ondoren, Orkoiengo Udalaren udaltzain batek erabiltzen zuen autoan Julio kontuz, mira debajo (begiratu behean) eta Zerri comunista (sic) idatzi zuten, Falangearen ikurrekin. Herri horretan bertan Dolores Ibarruriren plaka bat margotu zuten Espainiako banderarekin, eta ondoren Ezkaba mendiko gotorlekutik ihes egiten saiatzeagatik 1938an fusilatu zituztenen aldeko plaka eta monolitoa puskatu zituzten.
Ondoren Berriobeitin hilerriko atean hainbat pintaketa egin zituzten, eta gero Aizoainen ere Ezkabako iheslarien aldeko plaka puskatu zuten. Azkenik Arbizuko udaletxean 1936an hildako errepublikarren kontrako pintaketak egin zituzten, alkatea hiltzearekin mehatxatuz.
Espetxe zigorraz gain, Arbizuko alkateari eta hiru zinegotziri eta Orkoiengo udaltzainari bakoitzari mila euro ordaintzera zigortzen ditu. Beste 4.000 euro ere ordaindu beharko dituzte eragindako kalteak konpontzeko.