Iturgain Udal Hirigintza Elkartean irregulartasunak egon litezkeelakoan diligentziak hasi ditu Kontuen Auzitegiak
Kontabilitate irregulartasunak egon litezkeela ondorioztatzen zuen Kontuen Ganberako txosten batean oinarritzen dira diligentziak
Madrilgo Kontuen Auzitegiak atariko diligentziak hasi ditu bere garaian webgune honetan jakitera eman genuen Orkoiengo 2013ko kontuen fiskalizazioaren inguruan Nafarroako Kontuen Ganberak atzemandako ustezko irregulartasunak direla eta.
Fiskalizazio txosten horren arabera Iturgain Udal-Hirigintza Elkarteak orduan zuen langile bakarra kaleratzeko erabakia hartu zuen, baina lehendakariak, Orkoiengo Alkate ere badena, diziplina arrazoiengatik kaleratu zuen langilea, batzordeak hartutako erabakiaren aurka. Kaleratzea desegokia izan zela ebatzi zuen epaileak eta udal kontu-hartzaileak aurkako txostena egin arren langileari 27.094 euro ordaindu behar izan zitzaizkion 3.272 beharrean. Gertakari hauetatik kontabilitate-ardura egotzi litekeela ondorioztatzen zuen txostenak.
Fiskalizazio txostena oinarri hartuta eta aipatu irregulartasunak demanda bat jartzeko motibo nahikoa izan litezkeela ikusirik, Fiskaltza Nagusiko Auzipetze Atalak diligentziak hasteko eskatu zion Kontuen Auzitegiari eta informazioa helarazi zion Orkoiengo Udalari beharrezkoak ikusten zituen neurriak har zitzan.
Gertakari hauen aurrean Orkoiengo EH-Bilduko bozeramaleak diligentzien egoeraz galdetu zion alkateari hil honen 17an izandako osoko bilkuran. Galderari erantzunez udal idazkariak azaldu zuen diligentziak izapidegilea aukeratzeko fasean daudela eta udalak legegilea izendatu duela, diligentziek aurrera egingo balute beharrezkoa izan litekeelako.