XALOA EUSKARAZKO TELEBISTA, IRUÑERRIAN ABENDUTIK AURRERA
Xaloa telebistak leiho berria
irekiko dio euskal kulturari, euskara hutsezko programazioa eskainiz.
Crowdfunding kanpaina abiatu dute azpiegitura teknikoa eskuratzeko
finantzazioa lortzeko.
1997az geroztik Baztan, Bertizarana eta Malerrekan diharduen Xaloa
telebistak «jauzi kualitatiboa» iragarri du gaur, Iruñerrian ere
emititzen hasiko baita aste gutxi barru. Topagunearen, Tokikomen eta
Udalbiltzaren babesa jaso du.
Ondo bidean, Xaloa Telebistak
abenduan ekingo dio Iruñerrirako lehen probako emisioak egiteari, urte
berriarekin batera programazioa egonkortzen joateko.
Lanean
hasteko, baina, Xaloak hainbat inbertsio egin behar ditu tresnerian.
Adierazi dutenez, garrantzitsuena multiplex emisorea da. Gailu horrek
seinale digitala igortzen du eta, Xaloak ez ezik, Iruñerrian lizentzia
lortu duten Hamaika eta Abian telebistek ere erabili ahal izango dute
martxan jarri nahi dutenean. Horrekin batera, Xaloak bi errepikagailu
behar ditu, Elo eta Ezkaba mendietan, Iruñerriko eremu osoa estali ahal
izateko.
Azpiegitura horren guztiaren kostua 50.000 eurokoa da eta
hori finantzatzeko crowdfunding edo diru bilketa kanpaina abiatu dute
karena.eu plataformaren bidez.
Karena lehen crowfunding plataforma
euskalduna da, auzolanean oinarritutako proiektuek finantzazioa lortzeko
bitartekoa.
Karenak lortzen duen sarreren zati bat euskarazko
proiektuak berrelikatzera bideratzen da automatikoki, eta hori izan da
plataforma honi lehentasuna emateko funtsezko arrazoia.