MAIATZAREN LEHENA
Gaur, Maiatzaren
lehenaren Euskal Herriko
eragile sindikalek deitutako mobilizazioekin, zein pertsonen
duintasunaren eta herri-klaseen eskubideen kontrako erasoei aurre egiten
dieten bestelako borrokekin bat egitera deitu nahi ditugu herritarrak.
Batzuek ‘krisi’ hitza erabiltzen badute ere, ezkerretik bere benetako
izena erabiltzen dute; lapurreta. Maula edo lapurreta hau urtetan eta
urtetan sufritu ostean, eguneko egoerak errudun zehatzak dituela argi
izan behar dugu.
Troika
bezalako instituzio opako eta antidemokratikoen austeritate planak
aplikatzen dituztenak dira errudunak. Inork ez ditu hautatu, baina
halere gobernatzen gaituzte PNV, PSOE, PP eta UPN alderdiak
erregimenaren helburuen txotxongilo direlako. Patronalaren lobbiak dira
formakuntzarik gabeko gazteen gutxieneko soldata jaisteko ideiak
botatzen dituztenak, beti ere, haien irabazi zikinen maila mantentzeko.
Baina azken batean, alderdi politikoak dira haien jokabide morroiekin,
lege-dekretu eta lan-erreformen bitartez murrizketa hauek aplikatzen
dituztenak.
Aldi berean, modu
sendo batean subiranotasuna aldarrikatzeko eguna ere bada, aukeratzeko
beharrik gabe eta herritarrek aurrea hartzen dietela ikusten dutenean
batzuek proposatzen dituzten plan xelebrerik gabe. Guztia aldatzeko
subiranotasun osoa nahi dugu. Lan harreman eredu propioaren alde, eta
baita ere, pertsonen eskubideak eta bizitza duinaren sostengarritasuna
defendatzea ahalbidetzen dizkiguten erremintak kudeatzearen alde apustu
egiten dugu, horrela, gutxi batzuen pribilegioen aurrean gehiengoen
eskubideak bermatzeko.
Guztiz tamalgarria
da pobrezia hazten den bitartean, baita ere Euskal Herrian, eta eskualde
askok %20ko langabezi tasa sufritzen duten bitartean, Barcina bezalako
pertsonaiak susperraldiaz aritzea, berrasmatutako ‘kimu berde’ horiek
ustel daudela aspaldi egiaztatu denean.